sábado, 25 de enero de 2014

Azken balorazioa eta agur-jaia otsailaren 2an, igandea


Zorionak guztioi. Zorionak denon artean gure seme-alabek ikasten duten tokitik eta bizi garen distantzia gutxira hilean 300 tona egurra erre eta egunero atmosferara 30 kg gas toxiko askatuko zituen erraustegia geldiarazi dugulako. Zorionak arnasten dugun airearen kalitatea are gehiago okerragotu eta jada industri-eremuek inguratuta duten Orkoieni geratzen zaion ingurune natural bakarra inbadituko zukeen piztiari bidea moztu diogulako. Zorionak ekologiko eta interes handikoa bezala saldu nahi ziguten gezurra agerian utzi dugulako, beren interesen mesedetan soilik aritzen diren enpresa-gizon eta politikariek bultzatutako gezurra. Nola bestela uler daiteke Orkoiengo udalaren laguntza eza Oltzako Zendeako udalaren babes osoa izan dugun bitartean? Ez al dugu gure bizilagunek arnasten duten airearen kalitate bera merezi?

Bi urte iragan dira Bilduk antolatutako asanbladan erraustegi bat jartzeko intentzioaren berri izan genuenetik, bi urte Sustraik proiektuaren berri zehatza eman zigunetik, atari zabalean eginikoa, Orkoiengo udalak, errauskailuaren bultzatzaileekin egin zuen ez bezala, aretorik uzten ez zigulako. Iragandako bi urte hauetan 1300 alegazio baino gehiago aurkeztea lortu genuen, Orkoiengo udalak atzera bota edo kontuan hartu ez zituenak denak, ustel usaina zuten eta guztion diruarekin ordaindutako txostenak oinarri hartuta. Bi urte hauetan errauskailua aurreikusia zegoen zelairaino ibilaldi jendetsua egin genuen Arazuri eta Orkoiengo bizilagunok eta herrian inoiz ikusi ez den bezalako jaia ospatu genuen, gure herrian errauskailurik nahi ez genuela alaiki aldarrikatzeko.

Eta hala eta guztiz ere alkateak herriaren borondateari muzin egiten jarraitu zuen eta erabakimenik ez balu bezala auzia Ingurugiro Departamentuaren eskuetan utzi zuen eta honek, aurkeztu genituen alegazioetan oinarrituta errauste planta proiektuak zioena baino handiagoa zela eta isurketek legedia gainditzen zutela ebatzi zuen. Honela, errauskailuaren benetako izaera azaleratuta, sustatzaileek atzera egin zuten azkenik.

Mila esker guztioi hau posible egiteagatik. Herriaren borondatea politikari eta enpresari batzuen zekenkeria eta ikuspegi ezari gailendu dakiekeela erakusten duen guztion garaipena izan da hau. Eta honela, duela bi urte jarritako helburua beteta, agur esaten du honen bitartez Orkoien Osasuntsuk. Jarrai ezazue herriaren interesak eta borondatea defendatzen. Borroka esparruak anitzak dira. Eta batez ere, ez ahaztu beti ahal dela.

Datorren otsailaren 2an, igandearekin, Euskal Herria plazan (frontoian) eguerdiko 12etan ospakizunean parte hartzeko gonbitea luzatzen dizuegu. Txistorra, musika eta batez ere giro aparta izanen dugu. Zatoz!

Eskerrik asko


ORKOIEN SALUDABLE - ORKOIEN OSASUNTSU

No hay comentarios:

Publicar un comentario